Donoztiriko Ezponda etxaldea,
Arberoa ibarrean.
Ezponda etxaldea Euskal Herri barnekaldean da, kostaldetik 30 minututan, Arberoa ibarrean, Donoztiri herrian. Izturitze eta Otsozelaiko harpe famatuetatik hurbil.
Ezponda gure etxearen izena da, gunearen arabera doaika.
Eltzarruze mendixkaren azpikaldean da gure etxaldea, Belekarreren parean. Garralda edo Abarratia mendietatik ageri da ere. Tonttor horietatik Arberoa ibarraren bista biziki ederra preziatzen da.
Hogeitahamar bat behi esnadun hazten ditugu Ezponda etxaldean, berrogei bat hektara lurretan.
Donoztirin, etxe inguruan diren hiru lur eremuetan alhatzen da egun guziz behi esnadunen tropa. Belar eremuak itzulikarazten ditugu behier belar kalitate hoberena alharazteko.
Migak etxetik bi kilometrotan diren hamar bat hektaretan hazten dira libreki eta trankilki.
Donamartiriko Haizkiria etxe inguruan diren lurretan, artoa eta bihikiak ereiten ditugu, belar eta soroak biltzen, eta iratzea egiten.
nahi duzu jakin...
NOR GIREN ?
Gure behien esnearekin, behi gasnak eta esneki goxoak egiten ditugu Donoztiriko Ezponda etxaldean.
JEAN mIxel
"« Laborantxako BTS diploma eskuratuta, sasoilari gisa ibili niz Izturitzeko harpeetan gida lanetan.
Gero laborantzan plantatu niz familiako etxaldean.
Gure ingurumenak eskaintzen duenarekin lan egin dut betidanik, ahal bezain guti erosiz etxaldetik kanpo. Gure etxen, behiak egun guziz ateratzen dira eta belar hoberena duen eremua idekitzen dugu, egun osoan alha ditian. Abereekin eta kanpoan lan egitea ainitz gustatzen zaut.
Gure etxaldeko behien esnea balorizatze xede honek, builta berria emaiten du egunerokoan. Etxaldearen transmizioa nahi nuke segurtatu, ahalik eta baldintza onetan."
Isabela
« Elkarte munduan ibili niz orain arte.
Xiberoko Botza irratian animatzaile hamar urtez eta beste hamabost urtez Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartean lan egin dut azkenik.
Ipar Euskal Herriko AMAP erosle taldeak abiarazten, Idoki kalitate agintzaren ezagutarazten eta laborarien arteko salmenta proiektuak eraikitzen ibili gira elkartean.
Azken esperientzia honek daut gure etxaldeko esnearen balorizatzeko nahia sorrarazi ».
Beñat
Auzoko gaztea, lau urtez aprendizgoa gure etxen egin ondoan, Beñat langile gisa finkatu da gurekin.
Behi eta alorretako lanak eramaiten ditu Jean Mixel-ekin.
Gure behi esnadunen hazkuntza ezagutzeko
Esne arrazatik gasnarat
Hogeitahamar bat behi aldian jeisten ditugu, behi esne sailean diren Prim’Holstein arrazako behi xuri eta beltzak dira.
Gure behi esnadunak Montbeliarda arrazarekin gurutzatzen hasi gira. Gasna oso famatuak egiten dituen Franche Comté eskualdeko behi arraza da. Gasna egiteko kalitateko esne aberatsa emaiten dute.
Lehen Montbeliarda migak behi esnadunen tropan sartuko dira 2023 urtean.
Egun osoan, pentzean alhatzen
Behia belarjalea denez, tropa naturalki pentzerat eramaiten dugu egun guziz, 9-10 hilabetez.
Belar hoberena duen pentzerat eramaiten ditugu eta egun osoan alhan egoiten dira – Alhagien aldizkatze dinamikoa pratikan eman dugu.
Behiek jaten dutenak du esnearen kalitatea egiten.
Ba al dakizu ? Kanpoko belarra alhatzen duten behiek karotena ekoizten dute, laranja kolore arina nabarritzen da adibidez gurina edo gasnean, bereziki primaderan edo udan, aro ederra denean behiak kanpoan alhatzen ibiltzen direnean.
Pentzeak eta alorrak, sasoinen arabera
Kanpoko lana erritmatzen dute sasoinek.
Behi bazka egin ahala etxaldean egiten dugu. Bihiki eta ilarki nahasketa biltzen dugu udaberrian eta arto ensilajea aldiz larrazkenean, eta egun guziz kantitate ttipietan emaiten dugu.
Koltza eta arto bihi erosten dugu, behien bazka orekatzeko. Ez dugu sekulan sojarik edo OGMik sarrarazi etxaldean.
Abereen jarraikia
Laborari ofizioa egiten dugu abereak maite baititugu, ezinezkoa da bestenaz. Egin ahala zaintzen ditugu egun guziz alhagietarat emanez, salbu neguan.
Behiek gaua pasatzen dute behitegian, egun guziz lastoztatzen duguna behiak garbiki atxikitzeko.
Gure heineko behi tropa atxiki nahi dugu, tropa erraldoietatik urrun. Jeistea memento goxo bat da, egunean bi aldiz behiak eskutatzeko eta ikusteko behiak nola diren.
Ahal denean, prebentzioko artatzeak baliatzen ditugu, adibidez erditze batetik landa, beharrez osteopata bat etorrarazten dugu.
Laborantxa biologikoa
Lurrak laborantza biologikorat pasarazi ditugu 2021 urtean, aspaldiko asmoa gauzatuz.
Laborariek dugun zentzu onari fidatuz lan egin dugu beti danik, behiak pentzerat eramanez, kanpotik eginahala guti erosiz, eta prebentziozko artak baliatuz. Adibidez errapietako minak esentzia olioekin sendatzen ditugu.
Egia erran, arto jorratzean kezkak bagintuen, ez jakin nola eraman. Beharrik, molde ekologikoan lan egiten duten auzoko beste laborarien aholkuei esker, arto ederra kausitu dugu lehen urtean. Artoak aroa alde zuen.
Bide hortan jarraitzeko gogoa emaiten dauku, nahiz eta gauza ainitz ikasi eta moldatu beharko ditugun aldaketa klimatikoari egokitzeko.
Behien bazkatzeko moldeak hobetzeko gogoa dugu, esne hoberena ukaiteko nahia baitugu.
Etxe ekoizpenak gihaurk lantzen ditugu etxaldean
Esnetik, behi gasna eta esnekiak
Deistea
Goiz arrats, behiak jeisten ditugu.
Traktorrea hangarretik ateratzen da goizeko 7tan, behien bazkatzeko. Ondotik behi jeisteak oren bat hartzen du. Jeitsita, behiek zaldarea eta belarra ukaiten dute.
Ondotik behiak pentzerat eramaiten ditugu egun osorako.
Esne osoa, era naturalean
Esnea lantzen dugun egunetan, esneak barrioa trebesatzen du gasnategirat heltzeko.
Esnea ez dugu homogeneisatzen, ez dugu filtratzen, ez diogu krema kentzen, ez eta proteinak, bakarrik esne osoarekin lan egiten dugu, fitsik aldatu gabe, molde naturalean, errapitik ateratzen den bezala.
Gasna guziak esne gordinarekin lantzen ditugu.
Aldiz desertarako esnekien esnea eztiki pasteurizatzen dugu, tenperatura apaletan.
Erdi lurperatutako gaztandegia
Etxeko lehenagoko sotoa berritu dugu, duela berrogei urte etxeko arnoa egiten zen lekuan.
Eraikuntza bi estaietan da, gasnaren ontzeko lekua eman dugu erdi lurperatua den behereko partean. Abantaila handia du, teknikoki freskura hobeki atxikitzen baitu (12°C) eta hezetasuna ere (humitasunaren %90a helburu).
Erdi lurperatua den murruaren harriak agerian utzi ditugu, gasnak ontzen dira zurrezko taulen gainean eta azpiko aldean, sumendietako pozzolane harri naturala jarri dugu lurraren hezetasuna atxikitzeko.
Gasna ontzea etapa garrantzitsua da, zoinetan gasnak bere gustua hartzen duen.
Saltokitik, gasnatze lekua ikusgai
Gaztandegiaren alde gainean, estaian diren gasnatze lekua eta saltokirat zuzenki heltzen da.
Harrera lekutik gasnatzeko lekua ikusten da, gela hortan ditugu ere esneki goxoak egiten. Behitegiaren ondoko pentzean diren behiak, alhan ikusten ahalko dituzue leihotik.